XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IPUINA

NIK ASKOZ ERE GEHIAGO MAITE ZAITUT

Lehendabiziko zaplaztekoa hasi berritan eman zion.

Herriko festak zirela eta, inoiz baino dotoreago jarri zen: amak egin berri zion soineko loreduna, haientzako propio erositakoak ziruditen belarritako handiak, hilea mototsa bikainean bildua eta ahizpa zaharrenaren ezkontzan estreinatutako zapata zuri takoidunak.

Ispiluan begiratu eta gustora geratu zen.

Eguzkia hartzeko astirik gabe zebilenez, kolorete pixka bat eman zuen masailetan, rimela, kolore tanta bat betazaletan eta ezpainak marrubia baino gorriago.

Lan haietan ordu bete pasa ondoren, herriko neskarik lirainena zela konbentzitu zen, eta pauso arinez abiatu zen zitara.

Joxek hamar minutu zeramatzan zain, eta ezagun zuen.

Ez zitzaion gustatzen inoren zain egotea, eta Marikarmenekin izandako lehen eztabaidak puntualitaterik ezaren ondorioz sortutakoak ziren.

Konfidantza osoz inguratu zitzaion Marikarmen, harro baino harroago, egun hartan itxaroteak merezi izan zuela esango ziolakoan.

Honen ordez, zaplaztekoa eman zion, estrainekoa, zein putetxetara zihoala uste zuen oihu eginez.

Negar-saio galanta egin zuen Marikarmenek, baina arratsaldea ez zen hain gaizki joan, eta, etxerakoan, Joxek arrazoi-pittin bat ere bazuela iruditu zitzaion.

Azken finean, herri txiki batean bizi ziren eta nabarmenegi izatea ere ez zegoen ongi ikusia.

Gainera, berak ez zeukan zertan gehiegi apaintzen ibili beharrik, berez bait zen ederra.

Eta senargaiak izugarri maite zuela pentsatuz hartu zuen loak.

Ez zitzaion arrazoirik falta.

Aurpegia ur eta xaboiez ondo garbituta kaleratzen zenetan ere, jendeak buelta ematen zuen hari begiratzeko.

Joxek beti aurkitzen zuen aitzakiaren bat: ere inork baino gona motzagoak jantzi dituzu, eskote handiagorik ez al zeneukaten etxean?, galtza berdeak jantziz gero begiratuko dizute berriz ere!.

Ez zegoen asmatzeko modurik.

Saiatzen zen ba: motza zeramala esaten zion biharamunean, gona luzea ateratzen zuen.

Izan ere, neurririk ez bait daukazu!.

Takoidun zapatak janzteagatik kexatzen bazen, sandalia baxuak jazten zituen hurrengoan.

Hanka hutsik zoazela dirudi.

Galtzen kolorea gustoko ez bazuen, beltzez tintatzen zituen.

Lutoz zaudela usteko dute...

Alferrik zen harekin edozein ahalegin egitea.

Eta halaxe esan zion.

Joxeri ez zitzaion batere gustatu Marikarmenen jarrera, baina beldurtu egin zen, urruntzen ari ote zitzaion pentsatu zuen, eta handik aurrera beti erabiliko zuen hura esan zion: inork baino gehiago maite zuela, eta ezin zuela jasan denen ahotan ibiltzea, edota denen begiradak haren gorputzean bukatzea.

Zeloek jaten zutela, eta bere hura benetako maitasuna besterik ez zela.

Marikarmenek sinetsi egin zion, eta nola edo hala jasan zituen handik aurrerako belarrondokoak.

Maite nau, gehiegi maite nau, esaten zion behin eta berriro bere buruari.

ZAPLAZTEKO.- Belarrondokoa, masailekoa.

LOREDUN.- Lore+dun. Floreado. Era bereko hitzak: errudun, dirudun, zordun...

PROPIO.- Berariaz, espreski.

MOTOTS.- Moño.

ASTI.- Beta, denbora.

BETAZAL.- Párpado.

MARRUBI.- Mailukia. Fresa.

LIRAIN.- Esbelto/a.

EZAGUN ZUEN.- Se le notaba.

HARRO BAINO HARROAGO.- Oso harro edo pozik.

ESTRAINEKO.- Lehenbizikoa.

OIHU.- Garraisia, deiadarra. Grito.

GALANT.- Handia.

NABARMENEGI IZAN.- Llamar demasiado la atención.

ZERTAN.- Por qué.

BEREZ.- De suyo, por naturaleza.

GONA.- Falda.

BIHARAMUN.- Hurrengo eguna.

JARRERA.- Portaera. Comportamiento.

URRUNDU.- Urrutiratu. Kontrakoa: hurbildu, hurreratu.

JASAN.- Pairatu, nozitu. Soportar.